Ogi-apurra

saludo

Presidentearen agurra

Ongi etorri Diputatuen Kongresuko webgunera. Kongresuan biltzen da herri subiranotasuna eta kongresuan gauzatu behar dugu diputatuok gure eginkizunik garrantzitsuena: gure herrialdeko herritarren ordezkari izatea eta erronka kolektiboei irtenbidea bilatzen laguntzea.

Izan ere, Diputatuen Kongresua da Espainiako pluraltasunaren isla, pluraltasun politikoa, jakina, baina baita gure herrialdean elkarrekin bizi diren herrien, kulturen eta hizkuntzen aniztasunarena ere. Horregatik, gure ganberak anitza eta plurala den Espainia errealaren gero eta antza handiagoa badu, orduan eta hobe ordezkatuta sentituko dira herritarrak.

Eta herritarren arazoak konpontzeko ekarpena gero eta handiagoa izan, orduan eta baliagarriago irudituko zaigu guztioi ganbera hau. Izan ere, politika da gizartea eraldatzeko tresnarik ahaltsuena, eta Diputatuen Kongresua, eztabaida politikorako foro nagusia den heinean, gizarte aldaketa garrantzitsu baten bultzatzaile izan behar da.

Bultzada hori hitzez elikatzen da. Kolektibitate gisa ditugun erronkak gainditzeko eta etorkizunerantz aurrera egiteko, hitza da gauzarik funtsezkoena eta hitzarekiko errespetua ezinbestekoa da. Zarata, irainak eta behar ez diren tentsioak ez dira herritarren isla eta ez dira lagungarriak herritarren arazoak konpontzeko. Elkarrizketa eta eztabaida aberasgarria dira elkar ulertzen eta zalantzarik gabe gure eguneroko bizitzan nabarituko ditugun erabaki onenak hartzen lagunduko diguten tresnak.

Webgune hau zurekiko funtsezko komunikazio kanala da gure eginkizunen garapenean. Hemen ematen dira ezagutzera diputatuen eta erakundearen jarduerak, kalitate handiagoko zerbitzu publiko baterantz aurrera joaten lagunduko digun gardentasunaren eta partaidetzaren kultura sustatzeko.

Webgunean parte hartzera eta hura hobetzen laguntzera gonbidatzen zaitut. Hemen azalduko dizugu Kongresuan zer gertatzen den eta hemen izango gaituzu zure zerbitzura.

Francina Armengol
Diputatuen Kongresuko presidentea